Araba Encounterrek 845.000 giga datu mugitu ditu hiru egunotan
- Informatika bilkuraraen antolatzaileek aurtengo Araba Encounter oso arrakastatsua izan dela adierazi dute, ekitaldietan eta formakuntza jardueretan egon den parte-hartze handiarengatik
- 2.000 pertsona inguru, aurreikusitako kopuruaren bikoitza, bertaratu dira Openguneko standetara, azken teknologia berrikuntzak ezagutzera, eta eskaini diren hitzaldi eta tailerretara
- Euskaltel Konekta fundazioak antolatu eta babesten du ekimena, Arabako Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren (SPRI) eta Gasteizko Udalaren laguntzarekin.
Araba Encounter 3 topaketaren parte-hartzaileek 845.000 giga datu mugitu dituzte hiru egunotan, Iradier Arena aretoan egon den jarduera maila altuaren seinale. Antolatzaileek oso nota ona jarri diote aurtengo bilkurari, eta Arte Digitala saileko lanek izan duten kalitate handia nabarmendu dute. Gainera, Opengunen egin diren hitzaldiek entzule ugari eduki izanak gune irekiaren kokapen berriak onarpena izan duela frogatzen du.
Zezen plaza areto teknologiko moderno bihurtzeko 8,8 kilometro kable ezarri dira, eta punta puntako 34 switch (ordenagailuak konektatzeko gaitasun handiko kommutadoreak). Euskaltelek egin duen inbertsioari esker, partyko 400 ordenagailu-postuek 10 gigabit segundoko abiadura ultra-azkarra izan dute.
Sabino San Vicente, topaketaren antolatzailea, oso pozik agertu da bilkuraren garapenarekin, eta parte-hartze maila altua azpimarratu du. Aurtengo arrakastari erreparatuz, adierazi du etorkizunera begira Euskadiko partyen sarea indartzea dela erronka, Arabako ekimenak Gipuzkoa Encounterrekin eta Euskal Encounterrekin duen lotura sendotuz. Arabar informatika-zaleen erantzun bikaina dela eta, encounterra datorren urteetan ere gauzatuko dela iragarri du Euskaltel Konektako arduradunak.
Arte Digital eta Scene arloan maila handiko lanak aurkeztu dituzte parte-hartzaileek, musika, irudiak, bideoa eta bideo-jokoen garapena bezalako diziplinetan. Partyan gaitasun tekniko nabarmena duten partaideak elkartu direla agerikoa izan da, eta artista hasiberri ugarik ere hartu dute parte lehiaketetan. Hardware alorrari dagokionean, berriz, 3D inprimatzean oinarritutako tailerrek eta errealitate birtualeko VR Experience zonak izan dute protagonismoa. Azken gune horretan, 'demo' ikusgarriez gozatu ahal izan du publikoak; mendiak eskalatzeko, eraso zonbi batean bizirauteko, unibertsoa arakatzeko eta belatz baten antzera hegan egin ahal izateko aukera izan dute bertaratuek. Eskaintza honek lortutako harrera ikusita, hurrengo partyetan ere mantenduko dela jakinarazi dute antolatzaileek.
PRESTAKUNTZA EKINTZEKIKO INTERES HANDIA
Prestakuntza-eskaintzari dagokionez, pertsona ugari gerturatu da hitzaldi eta tailerretara. Argazkien ukitua, programazioa, web garapena, bideo-jokoak eta sare sozialen erabilera egokia jorratu dituzten saioek jende mordoa erakarri dute.
Aisialdiak ere garrantzia handia izan du, hiru egunetan zehar ongi pasatzeko dozenaka joko eta lehiaketa izan baitira. Jugger partidak, adibidez, oso deigarriak izan dira. Pilota-kirolak eta arma bidezko borroka bateratzen ditu diziplina horrek, eta taldetan jokatzen da. Bizkaiko eta Arabako jokalariak aurrez aurre aritu ziren atzo, larunbata, Iradier Arenaren kanpoaldean, eta joko hori ezagutarazten lagundu zuten.