Abian da Araba Encounter 03, inoiz baino leku eta ekitaldi gehiagorekin
- Gasteiz Euskadiko teknologia hiriburu bilakatuko da egunotan 400 parte-hartzaile eta 1.000 bisitari Iradier Arena aretoan bilduko dituen informatika bilkurari esker
- Doakoa eta irekia den eremua aretoaren kanpoko eraztunean kokatzeak partya handiagotuko du, eta inoiz baino hitzaldi, tailer eta aisialdi jarduera gehiago burutzea ahalbidetuko du
- Bilkura informatiko arabarraren babesle eta laguntzaileek “aisialdiaz gozatzera eta negozioa egitera” animatu dituzte parte-hartzaileak entretenimenduaz gain, formakuntza, ezagutzen trukea eta ekintzailetza batuko dituen hirugarren urte honetan
- Euskaltel Konekta fundazioak antolatu eta babesten du ekimena, Arabako Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren (SPRI) eta Gasteizko Udalaren laguntzarekin
Abian da gaur goizetik arabar hiriburuko teknologia hitzordu garrantzitsuena. Araba Encounter 03 informatika bilkurak elkarbizitza, dibertsioa eta formakuntza uztartuko ditu hiru egunez Gasteizko Iradier Arenan. Euren ordenagailuak 10 gigabit segundoko abiadura ultra-azkarrean konektatuko dituzten 400 pertsonek beteko dute aretoa. Hala ere, espazioaren antolamenduan egon diren aldaketek mila bisitaritik gora erakartzea espero da aurten. Izan ere, inoiz baino leku eta doako jarduera ireki gehiago egongo dira aretoaren kanpoko eraztunean kokatuko den Opengune eremuan. Sarrera libreko zona horrek dozenaka hitzaldi eta tailer hartuko ditu, baita 3D inprimagailu-granja eta errealitate birtuala frogatzeko eremua, besteak beste.
Laburbilduz, entretenimendua eta formakuntza uztartzen dituen etenik gabeko 72 orduko festa da Araba Encounter. Babesle eta laguntzaileen hitzek eman diote hasiera festari goizeko inaugurazio ekitaldiaren ostean. Euskaltel Konekta fundazioko zuzendari Nerea Lupardok instituzioen laguntza eskertu du eta Araba Encounter “ekitaldi masiboen antolakuntza ahalbidetzen duen lankidetza publiko-pribatuaren adibide garbia” dela gaineratu du. Ondoren, eskerrak eman dizkie parte-hartzaileei eta bereziki emakumeei. Izan ere, bertaratutako emakumeen kopurua bi punto igo da lehen urteko parte hartzearekin alderatuz, eta %16ko zifran kokatzen da aurten. Azkenik, partyan izena eman dutenak “aisialdiaz gozatzera eta, ahal izanez gero, negozioa egitera” animatu ditu Lupardok.
Bestalde, Eusko Jaurlaritzako Ekintzailetza, Berrikuntza eta Informazioaren Gizarteko zuzendari Aitor Urzelaik instituzioek bultzatutako Agenda Digital Berria martxan dagoela aurreratu du. Jaurlaritzak egin duen 270 milioi euroko inbertsioa teknologia berrien garapena sustatatzeko eta eraginkorragoa eta digitalagoa izango den 4.0 empresa abian jartzeko bideratuko dela azaldu du Urzelaik.
Gasteizko Udal Administrazioko zinegotzi Carlos Zapaterok ongi etorria eman die bertaratutako pertsonei eta “ongi pasatzeaz gain, ezagutzak trukatzera” animatu ditu. Izan ere, Araba Encounterren gauzatzen den ezagueren partekatzeak teknologia berrikuntza bultzatu eta gizartearen aurrerapena sustatu dezakeela adierazi du Zapaterok. Hori dela eta, udalak arabar partyarekin duen konpromisoa berretsi du zinegotziak, eta Gasteiz teknologia berrien erabileran adibide izan nahi duela gehitu du.
Azkenik, Arabako Foru Aldundiko Ekonomia Garapenaren eta Lurralde Orekaren diputatu Pilar García de Salazarrek erronka bat luzatu die Araba Encounterreko parte-hartzaileei. Diputatuak azaldu duenez, 87 proiektu finantzatu ditu arabar lurraldeak azken urtean, horietako batzuk teknologia berriekin erlazionaturikoak. García de Salazarrek Araba ekintzaile teknologikoen bila dabilela aitortu du, eta parte-hartzaileak euren ideiak eta ilusioak aurrera eramatera eta probintzia aurreratua eta berritzailea eraikitzera animatu ditu.