A+ A A-

Ehunka informatika zale eta profesional bilduko dira Gasteizko Iradier Arena aretoan

 

Araba Encounter 2

 

  • Araba Encounter urriaren 7 eta 9 bitartean egingo da Gasteizko aretoan; segundoko 10 gigabiteko konexio-abiadura izango dute 400 ordenagailuek, eta formakuntza, joko zein txapelketa programa zabala egongo da bertan
  •  1.000 pertsona baino gehiago elkartuko dira topaketan, ordenagailuarekin ezarriko diren parte-hartzaileak, eguneko sarrerarekin gerturatuko direnak, prestakuntza-ikastaroetan izena eman dutenak eta doako jardueretara hurbilduko diren bisitariak zenbatuz
  • Bertaratzen direnek gertutik ezagutuko dute informatika-bilkura, eta Opengune izeneko eremu irekian gauzatuko diren ekintzez gozatu ahal izango dute. Stand-ak eta doako hitzaldi zein tailerrak izango dira bertan
  •  Euskaltel Konekta fundazioak antolatu eta babesten du ekimena, Arabako Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren (SPRI) eta Gasteizko Udalaren laguntzarekin

Urriaren 7 eta 9 bitartean Gasteizen egingo den Araba Encounter 3 bilkurak prestakuntza-saio eta ekintza ludiko ugari eskainiko dizkie informatika eta teknologia berrien zaleei. Partyak 400 ordenagailu baino gehiago konektatuko ditu segundoko 10 gigabiteko abiaduran; etxeetako konektibitatea nabarmen gaindituko da Euskaltelen banda zabalari esker. Hiru eguneko topaketan 1.000 pertsonatik gora elkartuko dira, euren ordenagailuekin ezarriko direnak, eguneko sarrerarekin gerturatuko direnak, ikastaroetan izena eman dutenak eta doako ekintzez gozatzera bertaratuko diren bisitariak zenbatuz.

Parte-hartzaileak 72 orduz egongo dira Iradier Arena aretoan, eta lehiaketa ugari jokatu ahal izango dituzte, baita ezagutzak elkar trukatu eta arte digital, bideo-joko, software libre eta hardware ataletako ekintza ugariez gozatu ere. Euskaltel Konekta fundazioak Arabako Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren (SPRI) eta Gasteizko Udalaren laguntzarekin antolatu eta babestutako hitzordu teknologikoak prestakuntza nabarmenduko du aurten. Publiko mota guztiei zuzenduriko hitzaldi eta tailer programa zabala egongo da, hasiberri zein adituentzat, eta gai asko jorratuko dira: web garapena, lan-dinamikaren hobekuntza hodeian, telefono adimentsuen erabilera optimizatua, bideo-jokoak eta argazkigintza, besteak beste.

Eskaintza zabal horren baitan, Enpresa Digitalak (SPRI) emango dituen ikastaroen artean, 8 urtetik aurrerako umeei zuzendutako tailerrak egongo dira, teknologia berrien erabileran goiz hasi daitezen bultzatzeko. Ikastaroetako bat Kodu programaren bitartez bideo-joko bat sortzera bideratua egongo da, eta bigarrenak helburu izango du neska gazteen artean teknologiaren inguruko interesa sustatzea. LittleBits moduluen bitartez, tailer horretan parte hartuko duten neskatoek oinarrizko elektronika eta programazio ezagutzak bereganatuko dituzte. Horrela, etxeko argiak kontrolatzen, led argi, sentsore eta soinuak konbinatzen, eta euren zapatiletan led-ak ipintzen ikasiko dute, besteak beste.

Araba Encounter euskal informatika-partyen sarearen barne dago, Gipuzkoa Encounter bilkurarekin eta aurten 24 urte bete dituen Euskal Encounter topaketarekin batera. Azken hori Espainiako informatika-festa handiena eta helduena da, eta 6.000 parte-hartzaile baino gehiago biltzen ditu urtero Barakaldoko BECen (Bizkaia).

Publikoari irekia

Hitzaldiak, tailerrak eta aurkezpenak Opengune izeneko eremuan burutuko dira; sarrera libreko eta doako zonan. Aretoa Gasteizko erdigunean dagoela aprobetxatuz, antolatzaileek hiritarrak animatzen dituzte hitzorduaren giroaz eta ekitaldiez gozatzera.

twitter facebook flickr youtube instagram twitch